Pasar al contenido principal

San Anton baseliza

Signatura
M01_013
Noizkoa
1987-02-08

Domiko baserria (aurriak), Domikoko zentrala, Garbiso Intzin Zahar (etxe bilakatua), Intzin Berri, Garzikoetxea, Dorrea, Endara borda, Ola, Borda, Iroizin eta Endarako errota (hondakinak) ziren Endara auzoko baserriak. Horiez gain, San Anton ermita eta etxebizitza eta Ola baserriaren ondoan, izenak berak dioen bezala, ola edo burdinola zahar bat izan zen. San Anton, Ola eta Endara Borda ostatuak ziren, eta bertan atseden hartu eta mokadu goxoa egin ohi zuten bai Endara eta Gardeleko auzotarrek, bai Lesakatik Oiartzuna eta alderantziz zihoazenek, baina baita kontrabandoan aritzen ziren hamaikak ere. Izan ere, Aiako Harria hegoaldeko inguru hau Bera aldetik zetozen gaueko lanaren ohiko bide ugarik zeharkatzen zuten eta jende joan-etorriak arruntak ziren oso. Baina 80ko hamarkadaren hasieran Hondarribia eta Irun urez hornitu ahal izateko urtegia eraikitzeko lanak hasi ziren. Presan jartzen duen moduan, 1988an amaitu ziren lanak, eta horrekin batera, ur azpian geratutako hiru baserrien bizitza: Ola, Borda eta Endara bordarena. Dorrea baserrikoak ere alde egitera behartu zituzten, etxea uretatik oso gertu geratzen baitzen. Olakoek Ola-Berri jatetxea ireki zuten gaur egungo lekuan. Endarakoek etxe berria eraiki zuten presa hormaren gainean eta Dorrea baserria oraindik zutik ikus daiteke nahiz eta hutsik eta erdi erorita egon. San Anton ermitako etxebizitzan bizi zirenek Lesakara alde egin zuten, eta ermita hutsik eta egoera kaskarrean geratu zen. Duela zenbait urte ermita berritu egin zuten, eta ordudanik San Anton Txiki egunean, San Anton egunaren (urtarrilak 17) hurrengo igandean, aspaldian bezala erromeria egin ohi dute bertakoek eta gerturatzen diren guztiek. Halaber, hilabetearen azken igandean 10:00etan meza izan ohi da. Bestalde, urtegiko lanak amaitzearekin batera, Aritxulegitik urtegirako errepideak egiten duen bihurgune itxian Aialde jatetxea eraiki zuten.

Kokapen geografikoa
Lizentzia
CreativeCommons ND: Ezin zaio aldaketarik egin
CreativeCommons NC: Ez da erabilera komertzialik onartzen
Egilea
Jatorrizkoaren formatua
Digitala
Neurriak
1755x1167